XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Baina nire gurasoak ez daude zigorturik.

Eta nirekin hitz egiteko eskubidea dute! Ala ez?

Kartzelaria zalantzatan geratu da:

- Tira... zure gurasoek... eskubidea...

Ez du Keparen alde erabakirik hartu nahi.

Eztabaidaren ondoren amore ematea, aginpidearen printzipioa kolokan jartzen dela esaten baitute akademiako liburuxkek.

- Zerbitzuburua jakinaren gainean ipiniko dut, eta hark erabakitzen duena jakinaraziko dizut - amaitu du.

Cadizko lurretan espetxea idor dago abuztuan.

Kartzelariak kolpe lehorrez itxi du burdinazko atea.

Galeria osoan entzun da durundia. Sarrailaren hotsa, berdin.

Goizeko hamarrak pasatxo dira.

Txapeo-borroka uztailean hasi zenetik, Josebak hamarretan hasten ditu kirol-ariketak, eta Kepak arnasaldi luze eta ozen haiek ezagun ditu, nahiz eta zazpi ziega harantzago egon. Isiltasunak soinua eta zarata garraiatzen ditu isolamendu ziegetan; inork ez daki nola.

Luis, gure Luis, Keparen aldamenean dago.

Beñat berriz, lau ziega urrunago, Josebaren ondoan.

Guztira lau lagun, lau kide, lau euskaldun.

Eta isiltasuna galeria osoan hedatu denez, galeria osora hedatu da elkarrizketaren zalaparta.

Hiru urrats t'erdi eta leiho azpian; hiru urrats t'erdi eta kangrejoaren aurrean. Eltxo bat, Keparen joan-etorriak kalkulatu ondoren, barne kaiolako burdina artetik irtetera doa.

Huts egin du, hegaldian supituki aurrez aurre aurkitu baitu Keparen ahurra.

Orduantxe entzun dira urratsak: nabarmen, hurbil, argi.

Kartzelariak Keparen atea zabaldu du berriro.